Tailerrak: ZIENTZIA

Ikerketa ezagutzaren metodo naturala da, ez irakaskuntza, ikerketaren aurkakoa dena.
Eskolako proposamenek haurraren munduarekin konektatu behar dute eta ikerketarako estimulu izan, errealitateko egoeretatik abiatu eta hauetara egokitu, errepika ezina bihurtuz.

Baina benetakoa izateko, ikerketak baldintza batzuk izan behar ditu:

  • Ikertu daiteke soilik eskura dagoen hura, hurbilekoa.
  • Haurrak beti momentukoa lantzen du, eta bere ezagutzak zabaltzen doazen heinean momentuko mugak zabaltzen dira eta bere eskuen, bere begien helmena handitzen da.
  • Haurrak bere ingurua ezagutzen du eta inguru horretan bere kulturako osagarriak aurkitu, ziurtatu, ikasi ditzake. Benetako ikasketa bakoitza arazo bihurtzen da aldi berean eta orduan inguruko giroa urruneko beste giro batzuekin kontaktuan jartzen da, aldiro bide ezberdinak jarraituz…
  • Ikerketa batez ere taldeko aktibitatea da. Ez luke zentzurik izango arazo handiak, benetako arazoak alegia, behar diren datu bilketekin, garatuz, ziurtatuz, e.a., norberak ebaztea. (1)

Gure eskolako zientzia tailerrean benetako ikerketak, esanguratsuak, erakargarriak, interesgarriak… egiten dira, dedikazioa behar dutenak, arreta eta ahalegina eskatzen dutenak, gogotsu aritzea eta sormenaz jokatzea eskatzen dutenak.
Konturatu gara badaudela aktibitate eta ataza ugari neska-mutilak oso gustukoak dituztenak euren gustu eta interesen arabera, hala nola:

  • BARATZEAN lurra landu (ikus Baratza atala): zuloak egin, lurra jiratu, simaurtu, landatu, belar txarrak kendu, ureztatu, uzta bildu…
  • HAZITEGIAK prestatu tarrotan, poteetan edota edozein ontzitan eta hazi horiek zaindu landaretxoak ernaldu arte, ondoren baratzean, basoan edota etxeetan birlandatuko direnak.
  • KOZINATU eta era guztietako errezetak dastatu, batez ere sasoi bakoitzeko produktuekin egiten direnak (ikus Sukaldea atala).
  • Era guztietako landareak, loreak, harriak… jaso eta bildumak egin, sailkatu, ordenatu…. eta hauei buruzko hainbat informazio bilatu.
  • Eskolatik kanpo, bai aisialdian baita eskolako irteeretan ere, aurkitzen dituzten era guztietako animalitxoak (barraskiloak, harrak,intsektuak…) zaindu eta behatu.
  • Xomorroen, landareen, harrien… detaile guztiak mikroskopio eta luparekin behatu eta hauen argazkiak jaso ondorengo erabileretarako.
  • Arrautzak inkubagailuan eduki, horien jaiotzea bizitu, zaindu eta janaria eman handiak egin arte eta gero etxeren batera eraman, bertan jarraipena egin ahal izateko.
  • Esperimentuak, frogak, nahasketak, disoluzioak, oreak, transformazioak, eraldaketak… egin produktu anitzak erabiliz, hala nola, ura, irina, gatza, bikarbonatoa, ozpina, olioa, koloranteak, e.a. eta material ezberdinak erabiliz, hala nola, probetak, xiringak, tantak botatzekoak, iragazkiak, inbutuak, pisuak, kableak, bonbillak, e.a., e.a..
  • Era askotako mahai-jokoetan aritu (kartetan, xakean, partxisean, monopolyan, bingoan…)
  • Natura, animali, historiaren… dokumentalak ikusi.

Beraz, Zientza tailerra, batzuetan, laborategi kimiko bat da; beste batzuetan, sukalde bat; batzuetan, joko-areto bat; beste batzuetan, azoka bat; batzuetan, baserri bat… Beti leku berri bat, bizitzaz betea eta zirraragarria.

 

Zenbakikuntza

Astean bitan ordu-erdiko saioak ditugu antolatuak zenbakiaren kontzeptuaren sistematizazioa, zenbaki-sistema eta oinarrizko eragiketak lantzeko. Haurrak hiru taldetan daude elkartuak gaitasun honetako garapen unearen arabera.
Egin behar duten lana guk proposatzen diegu, beti ere kontuan izanez matematika kontzeptu horien bereganatze prozesuak, eta batik bat, kantitatearen kontzeptuekin jolasten dugu, gehiago eta gutxiagorekin, handiago eta txikiagorekin, kopuruen arteko erlazioekin, berdintasun eta ezberdintasunekin, e.a. gero eta eragiketa konplexuagoetara iritsiz, eurak bere kabuz aurkituko dituztenak.

 

Baratza

Aspaldidanik dugu baratza gure eskolan eta beti izan du funtzio jakin bat: esperimentu zentro bat izatea. Batez ere, ikerketa gune bat izatea, behaketa gune bat, lurra, ura, landareak, haziak, xomorroak… BIZIA bene-benetan esperimentatzea eta sentitzea.
Horregatik, zenbait garaitan baratzara joaten gara aitzur, pala eta kuboekin zuloak egitera eta lur-azpiko bizia ikustera, behatzera, hartzera, ukitzera… eta ondoren behar bada aurkitutakoa eskolara ekartzera edo argazkiak/bideoak egitera gero ikusteko. Mundu faszinantea aurkitzen dugu askotan, inurritegi bat adibidez, non kide guztiak ederki antolatuta dauden, bakoitza bere lana eginez, garraiolari bikainak, langile finak eta azkarrak… Eta garrantzia du harreman munduan sortzen den giroak ere: auzolanean lan egiten dugu askotan, zaintza oso inportantea da, horretarako jakin behar dugu zer behar duen lurrak, zer landare bakoitzak, nola komeni den landatzea, zein zeinen ondoan… Eta beste batzuetan inurriak bezalaxe lanak banatu eta era koordinatuan lan egin behar dugu.
Esan beharra dago gure baratzak ere betetzen duela beste baratzak bezalaxe bere betiko funtzioa: lurra prestatu, garaian garaiko landareak landatu (edo haziak erein), ureztatu, belar txarrak kendu, uzta bildu… eta eskolako sukaldean errezeta goxo-goxoak prestatu!!

 

Sukaldea

Sukaldea da benetan kozinatzen gozatzen dutenentzat lekurik aproposena.

Sukaldea, haurrek janariekin eta hauek prestatzerakoan ematen diren prozesuekin esperimentatzen duten tokia da. Janariak prestatzeko erabiltzen diren tekniken ondorioz gertatzen diren eraldaketak behatu ditzakete: egosi, frijitu, izoztu, txikitu, lurrindu, galdarraztatu, likuatu, txiki-txiki egin, erre… (azken hau nahi gabe), e.a., gainera manipulatzeko teknika ezberdin eta interesgarrietan trebatuz, hala nola: zuritu, ebaki, txikitu, irabiatu, eragin, orea egin, nahastu…

Norberaren proposamen eta ekimenak burutu eta modu askean guraso, harri edota eskolako kideei banatzeko edo eskaintzeko helburuarekin, taldeko ekintzetan parte har dezaketen tokia da. Horrela, batuetan haurrak dira plater zehatz bat egitea proposatzen dutenak, besteetan helduak dira errezetak ekartzen dituztenak. Errezeta bat egiterakoan neurriekin, pisuarekin harremanetan jartzen laguntzen die eta talde kopurutsu batentzat kantitatea kalkulatzea eta baita produktuen eta egindako plateren prezio errealera gerturatzea ere.

Momentu batzuetan, proposamenak eskolatik datoz, esterako, egun jakin baterako errezetak prestatzea. Baina, haurrei, gehien erakarri eta motibatzen diena norberaren proposamenak burutzea da. Modu honetara, erabakitzeko, pentsatzeko , sortzeko, autonomo izateko… gaitasuna garatzen doaz.

Sukaldea laborategi zientifikoa bihurtzen da. Haurrek, errezetak prestatzen ari diren bitartean gertatzen diren hainbat prozesu eta gertakarien inguruan interesa azaltzen dute. Horren ondorioz hipotesiak formulatu, behaketak egin eta elkarrizketan aritzen dira.

Haurrek, saikera-errore bidez ikasten duten tokia da. Errezetak prestatzen dituztenean ez da beti espero bezain ondo ateratzen. Beraz, batzuetan errepikatu eta zein baldintzak eragin duen errakuntza horretan pentsatu behar dute.

Planifikazioaren beharraz ohartzen dira. zein osagai erabili beharko duten, noiz erosiko dituzten, zein momentutan eta zenbat denbora beharko duten prestatzeko… bezalako erabakietara iritsi behar dute.

Bizitzako oinarrizko zikloetako bat nabarmentzen eta osatzen den tokia da: baratzean edo hazitegian erein duten hazia, hazten ari den bitartean behatu eta zaindu duten hazia, elikagai bihurtzen da.

Haien lanari eta ahaleginari esker euren baratzean hazi dena jateko motibazioa barru-barrukoa da eta kuzinatzeko produktuak denda baten erosi izan balira baino askoz handiagoa da.

(1) Francesco Tonucci

Abaltzisketa

Zizurkil