Tailerrak: MUGIMENDUA
Bizitza mugimendua da eta mugimendua bizitza.
Eta haurrak bizi-biziak dira. Dinamikoak, arinak, espresiboak dira. Euren gaitasun fisikoak eta dena ezagutzeko duten gogo horrek mugitzera, zerbaiten bila joatera, batetik bestera ibiltzera, ausartzera eramaten ditu. Euren askatasunak eta euren energiak era guztietako mugimenduak eta emozioak bizitzera bultzatzen ditu. Mugimenduari dagokionez, euren sormenak ere ez du mugarik. Eta, batik bat, ikertu, frogatu, entsaiatu, itxaron… egiten dute eta sentsazio berriak, erronka berriak bilatzen dituzte.
Uzten badiegu eta denbora, lekua, giro egokia eta konfiantza ematen badiegu eurak erregulatzen dira, kontrolatzen dira, nekatzen dira eta atsedena hartzen dute, gehiago edo gutxiago arriskatzen dute…
Ez baditugu epaitzen, ez badiegu presioa sartzen, ez baditugu konparatzen, ez badiegu gutxiegikorik eskatzen, ezta ezarritako gehiegikorik jartzen…; ziurtasuna ematen badiegu baina aldi berean ausardia, beraiengan konfiantza baldin badugu eta eurek bakarrik ahal dutenean urruntzen bagara, ezin dutenean eta ondoan behar gaituztenean hor baldin bagaude… beraiek gai direla ikusiko dugu.
Mugimenduan ere diren bezalaxe maite nahi ditugu.
Tailer honetan psikomotrizitatearekin, musika eta dantzarekin, antzerkiarekin, joko sinbolikoarekin, gimnasiarekin, atletismoarekin, e.a.rrekin gozatzen dute adinari erreparatu gabe, bakoitzak bere interesei begiratuz, bere gustuei, bere ahalmenei, bere gogoei; bakoitza bere erara, bere erritmoan, bere estiloan.
Material ugari dute eskura, aukerak ematen dizkienak eta ez eragozpenak; erakargarriak eta interesgarriak direnak euren sormenerako edo ikerketarako; pertsonalki egiteko edota taldean (koltxonetak, oihalak, tresnak, e.a.), baina, batez ere, denbora dute -denbora uzten diegu-, gozatzeko denbora.
Mugizientzia
Zientzia ez da geldoa eta neska-mutilak ez dira sedentarioak. Bata zein bestea mugimenduan daude, beti aurreratzen, beti hazten.
Zientzia tailerrak haurren munduarekin, euren interesekin, euren beharrekin konektatu behar du ezinbestean. Era berean, behartuta dago Naturara irekitzera, berarengatik elikatzera. Zorionez, gure eskoletan, modu oparoan inguratzen gaitu ama lurrak: mendiak, zuhaitzak, landareak, ibaiak, zelaiak, animaliak… era guztietako esperientziak eskaintzen dizkigute eta hauek bizitzera ateratzea oso erakargarria da (eta naturala).
Oparotasun hau dela eta, astean behin haurrei paseatzera ateratzeko aukera ematen diegu inguruko bideetan ibiltzeko eta natura zentzu guztiekin gozatzeko eta gozatuz.
Irteera hauetan ikusten dugu nola, espazio irekietan, neska-mutilak adierazi eta erregulatu ditzaketen era naturalean emozio asko eta asko; nola zuhaitz, animali eta landareekiko interakzioan lasaitzen diren; nola euren buruenganako konexio handiagoa lortzen duten, hobeto ulertzen diren, gustatzen zaizkien gauzekiko konexioa garatzen duten; nola ikasten duten espazioa erabiltzen; nola ibiltzen diren euren beldurrei aurre eginez; nola erlazionatzen diren inguruko elementu eta naturako izakiekin…
Badaude ikerketak Naturan sarritan ibiltzeak umeen jarrerak hobetzen laguntzen duela demostratu dutenak; baita arreta, koordinazioa e.a. hobetzen duela ikusi da, hau da, aprendizaian aurrera egiteari laguntzen diola. (1)
Haurrek behaketak egiten dituzte, interesatzen zaizkien elementuen inguruko ikerketa zuzenak egiten dituzte, hala nola, intsektuak, basa-fruituak, loreak eta landareak, oin-aztarnak, harriak, animaliak…Horretarako lupak, prismatikoak, xomorroak garraiatzeko ontziak, oharrentzako liburuxkak, e.a. lagungarri izaten ditugu. Gero, eskolan, mikroskopioan behatzen/ikertzen ditugu, edota bildumak egiten ditugu, edota sailkatzen ditugu, edota beraientzat habitat egokiak egiten ditugu.
Honez gain, ibilbidean, naturako edozein elementurekin jolasteko aukera ematen diegu: ura, lokatza, zura, goroldioa, harriak, adarrak… Material natural hauek ez dute zer ikusirik egituratuko jostailuekin, denak ezberdinak baitira, ezaugarri sentsorialei dagokienez konplexuak (testura, kolorea, tenperatura…) eta joko irekiagoa, kreatiboagoa, berezkoa izaten uzten dute, horrela neska-mutilen fantasia eta irudimean garatuz.
Batzuetan, helburu jakin batekin ateratzen gara eta, besteetan, ea zer aurkitzen dugun ateratzen gara, baina beti oso ondo pasatzen dugu eta nekaturik itzultzen gara baina gustura eta makina bat gauza kontatzeko eta konpartitzekoarekin.
Bizitutakoa ahoz eta era informalean adierazteaz gain, “koaderno bixia” deituriko koaderno erraldoi batean ere bizitutakoa uztera animatzen ditugu, nahi duten moduan, bertan euren aportazioak jasotzen ditugu, bai marrazkien bidez, edo komentatutako argazkien bidez, edo olerkiak idatziaz, edo adierazpenak, galderak… Koaderno hau askotan erabiltzen dugu, irteeran parte hartu dugunok eta baita eskolara bisitan etortzen direnei ere zenbat ikasten dugun azaltzeko eta zein ondo pasatzen dugun adierazteko balio izaten digu.
Asteroko irteera hauetaz gain, ikasturte hasiera bakoitzean astean behin baino gehiagotan irteerak egiten ditugu ikasle guztien etxeetara joateko, horrela denok jakin ahal izateko non bizi den bakoitza eta zein ingurutan (ez gara barrura sartzen). Irteera hauek garrantzizkotzat jotzen ditugu denok, bai ikasleek, euren familiek eta guk geuk irakasleok, elkar ezagutzeko behar-beharrezkoa den zerbait bezala. Ibilbide hauen antolaketaz ikasle zaharrenak arduratzen dira, zenbat denbora beharko dugun aurreikusiz, zer ikus dezakegun bidean pentsatuz, ea txikienentzako aulkitxoak eraman behar diren, ea goiz batean etxe bat baino gehiago bisitatu ditzakegun, e.a.
(1) Heike Freire
Abaltzisketa
Zizurkil