EBALUAZIOA
Ebaluazioa irakasleok eta Administrazioak duen erreminta bat da. Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuen jarraipena egin eta honi dagozkion erabaki pedagogiko eta didaktikoak hartzeko tresna, hain zuzen ere.
Baina haurrek ez dute ebaluazioaren beharrik, ez dute ebaluatuak izan behar ez ikasteko ezta hazteko ere, are gutxiago zoriontsuak izateko. Beraiek ez dituzte ulertzen ez arloak, ez gaitasunak, ez maximoak eta minimoak, ezta bukaerako aktak ere.
Neska-mutilak, haziak bezalaxe, bakean utzi behar ditugu. Ez da ona egunero lurra miatzen aritzea sustraiak ikusteko edo lore-kuskuak irekitzea pistiloak osatu diren ikusteko; honekin lor dezakegun bakarra zera da: hazteari traba egitea eta gainera garatzeko dituzten aukerak zapuztea.
Neska-mutilei, haziei bezalaxe, nahikoa da espazio eta inguruko baldintza onuragarriak eskaintzea, baliabide eta egoera egokiak eskaintzea, ahalik eta onenak, denbora ematea eta beraiengan konfiantza edukitzea, babestea eta maitekiro zaintzea. Eurek badakite nola hazi, ikertzeko eta ezagutzeko desioa badute, ikasi nahi dute, erlazionatzeko beharra dute. Hau naturalena da eta inongo haurrek ez luke kontrako biderik egingo guk presionatuko ez bagenu, alderatuko ez bagenu eta kalifikatuko ez bagenu.

Ez dauka inongo zentzurik errekari bultzaka aritzeak, ez dauka inongo onurarik gertakizunak eta edukiak aurreratzeak, ez du ezertarako balio behin eta berriro helduon bizitzako kontzeptuak azaltzeak, haurrei arrotzak egiten zaizkienak, ez du laguntzen gehiago eta hobeto ikasten minimoak aurretik ezartzeak eta denbora jakin bat ematea
Gure ustez ezinezkoa da haurren mundu mugaezinera iristea galdera zehatzen bidez.
Gehienez baloratu dezakeguna da zer moduz ari den bakoitza bere prozesua egiten, zer moduz sentitzen den eskolan, ze harremanak dituen, zer nolako adierazpenak egiten dituen, nola bizitzen dituen eskolako orduak; baina balorazio hau irakasle guztien behaketa jarraia, errespetuzkoa eta ez-inbaditzaile baten bidez egitea nahikoa da. Eta guztion erregistroak jasoz eta konpartituz (bideoak, audioak, idatziak, e.a.), haurren familia giroa kontuan hartuz, eurekin eta euren familiarekin hitz eginez… azken finean, beraiei entzunez eta beraiei buruz ahal dugun guztia ezagutu
Tonuccik dioen bezala:
“Evaluar es medir hasta qué punto se han acercado los alumnos al modelo del maestro (o del programa, o del sistema…podríamos añadir) en la evaluación escolar el niño es evaluado respecto del 5, por lo que la nota se mide en función de un niño estándar, irreal y pre-constituido: el niño que vale 5. Se trata de un niño que cada maestro tiene in mente de modo perfecto. La evaluación es muy coherente por el método y tan absurda como éste.”
Gero eta haur gehiago geratzen dira trabatuak, gero eta lehenago ez dute betetzen guk espero duguna, minimoak… Gero eta ikasle gehiago daude “behar bereziekin”, gero eta errefortzu neurri gehiago, gero eta presio eta sufrimendu gehiago… Ebaluazioen emaitzak gero eta okerragoak dira…
Eta gure galdera da: froga gehiago eginagatik emaitzak hobeak al dira? Zer lortzen da horrekin? Eskoletako bizitza ikasteko egokiagoa al da hainbeste frogekin? Umeek ikasteko gogo handiagoa al daukate ebaluatuak direnean? Ikasleak zein irakasleak zoriontsuagoak al dira eskolan?
Dena den, beharrezkoa ikusten dugu irakasleok laguntza zientifikoa, serioa… haurren gaitasun intelektualak ezagutzeko, ulertzeko eta baloratu ahal izateko.
Nola ebaluatzen dira gaitasun intelektual horiek? Nor da gai ebaluatzeko eta epai bat emateko? Nola jakin besteek zer dakiten?
“Las destrezas intelectuales tienen que ver con la forma de razonar, hipotetizar, explorar y comprender de una persona y, en general, con su manera de darle sentido al mundo. Cada niño o niña es, por naturaleza, un ser intelectual: una persona curiosa, que trata de darle sentido a las cosas, que trata constantemente de entender su entorno físico y social. Cada niña o niño nace con estas habilidades y las desarrolla con el tiempo, a su manera, observando, explorando, jugando y haciéndose preguntas. Los intentos de enseñar a los niños habilidades intelectuales fracasan inevitablemente, porque cada niña o niño ha de desarrollarse a su manera, por medio de sus propias actividades autoguiadas. Pero los adultos pueden influir en este desarrollo a través de los entornos que les faciliten…” (Por qué introducir precozmente contenidos académicos retrasa el desarrollo intelectual.” Peter Gray. Universidad de Columbia, Universidad Rockefeller).
EBALUAZIOA gure eskolan
Gure eskolan Hezkuntza Administrazioak eskola publiko guztiei egiten dizkien eskaerak betetzen ditugu. Hori dela eta, gure ikasleek, ikasturteetan zehar proposatzen diren froga guztiak betetzen dituzte eta eskatutako dokumentu eta espediente guztiak betetzen ditugu.
Gainera, kanpo froga guztiak aztertzen ditugu, guk, irakasleok, eginez. Horregatik badakigu ez digutela balio, hau da, ezingo luketela inoiz agerian jarri gure eskolan dugun ikasteko ezta irakasteko modua. Baina, hala ere, bete egiten ditugu.
Baina egunerokoan, guk ez dugu ebaluaziorako ohiko frogarik egiten, ez dugu beharrik. Ume guztiek ikasten dutela, hazten direla eta pentsamendua garatzen dutela ikusteko adierazle ugari ditugu. Hazkuntza eta aprendizaia hau, bakoitzak bere erritmora, bere modura egiten du, uneoro ahal duen gehien eta ondoen.
Gure eskolan, egunero horrela izan dadin egiten dugu lan, baina dena gure esku ez dagoela argi dugu: ume bakoitza bere familian, testuinguruan bizi da. Hala, jakin badakigu ez garela gure ikasleen garapenaren ehuneko ehunaren arduradun. Eta hala izan behar du, gainera.
Ez dugu ez kontrolik ezta azterketarik egiten. Behaketak egin eta jasotzen ditugu, ondoren, gure ebaluazio bileratan, aztertu eta hauei buruz hausnarketak egin ahal izateko. Eta hauek oinarri hartuta idazten ditugu familientzako informeak.
Idatzi hauek egiterakoan printzipio argi batzuk ditugu:
– Irekiak izango dira. Batetik, ikaslearen jarrera orokorrari buruzko informazioa jarriko dugu: Nola ikusten dugun eskolan, zer harremanak dituen, ze tailer duen gustuko e.a. Eta bestetik, tailer bakoitzari dagokion informazioa jarriko dugu: Zer egiten duen, gustura ikusten dugun, bakarka edo/eta taldean aritzen den e.a.
– Positiboan idatziko ditugu. Ikaslearengan behatzen duguna adieraziko dugu (ez behaketa horietatik egiten dugun baloraziorik edo interpretaziorik). Eta ez dugu jartzen egiten ez duena edo helduaren ikuspegitik egitea falta zaiona, hau da, “ez du egiten”; “ez daki” moduko esaldiak saihesten ditugu. Jakin baitakigu, zerbait egitera iristeko bideak/moduak/aukerak guk eskaini behar dizkiogula, gurea dela erantzukizuna. Eta une zehatz batean jakin ezagatik ere, aurrerago jakitera iritsiko dela. Izan ere, Alberto Manzi-k zioen bezala: “El niño hace lo que puede porque lo que no puede no hace”.