BIZITZA

Haurrak BIZI egiten dira. Aldi berean hain sinplea eta hain konplexua den hori.

Euren familietan, euren herrian, euren komunitatean, euren nazioan… bizi dira; baita euren pentsamenduetan, euren afektoetan, euren ideietan, euren munduan… ere.

Beraientzat bizitza ez litzateke zatikatua egongo helduek ez bagenieke antolatuko ekintzetan, ordutegietan, saioetan, egin-beharretan… Eta denbora etenik gabekoa izango litzateke, non jolasten arituko liratekeen, harritzen, euren berezko senei jarraitzen (1) etengabe. Eta, zalantza izpirik gabe, ez litzateke posible izango ez haztea, ez aurrerapenik egitea, ez ikastea.

Munduarekin, pertsonekin, animaliekin, naturarekin… erlazionatuko lirateke; bizitzaren eta heriotzaren zikloekin; errealitatearekin eta fantasiarekin; nahia eta desiokin, eta frustrazioekin; zalantzekin eta usteekin… Galdera garrantzitsuak, filosofikoak egingo lizkiekete euren buruari, eta erantzun posibleetan murgilduko lirateke modu librean, era kreatiboan… hipotesi gero eta egokiagoak, gero eta zientifikoagoak eraikiz.

Hainbat eta hainbat esperientzia biziko lituzkete, hainbat eta hainbat lengoai erabiliko lituzkete helduok ez bagenizkieke ostuko… (2); helduok haurrak hartu -on hartu- egingo bagenitu, itxarongo bagenie, bakoitzak egin behar duen bide errepika ezin horretan lagunduko bagenie…; bakoitza den bezelakoa errespetatuko bagenu, bere singularitatean, konparatu gabe, epairik gabe, aurreiritzirik gabe… Baldintzarik gabe eta presarik gabe maitatuko bagenitu; eurengan biziki konfiatu eta sinistuko bagenu, eurek BERE bizitza nola bizi ahal duten eta jakin badakiten ziurtasunarekin, aldi berean gizaki bakarrak eta gizaki sozialak izanik…; BIZITZEN utziko bagenie…

(1) André Stern

(2) Loris Malaguzzi

 

Haurrak Eskolan BIZI EGITEN DIRA…

 

Aldi berean hain sinplea eta hain konplexua den hori.
Gure eskolan euren bidean lagundu nahi diegu, erritmo desberdinak errespetatuz, inorekin konparatu gabe, diren bezalakoak maitatuz eta inguru ziur bat eskainiz non eurak izan daitezkeen, epaituak edo baztertuak izatearen beldurrik gabe.
Eskola-orduak beraientzat eguneko onenak ez badira ere, desiatuak eta atseginak izatea; egunero eskolara etortzea gozamena, abentura bat eta aukera bat izatea.

Giro alaia eskaini nahi diegu, emozioz betea. Giro lasaia nahiko barre egiteko pozik daudenean eta negar egiteko triste daudenean. Konfidantzazko giroa ezerrengatik lotsatu ez daitezen eta hanka sartzeko aukera izan dezaten.

Eskolan ondo pasatzea nahi dugu, zoriontsuak izatea, diren bezalakoak azaltzea.

Nahi dutena edo behar dutena egiteko aukera izan dezatela nahi dugu, bakarrik edo lagunduta; euren gustuak, abileziak garatzen joan daitezela, ahaleginduta baina estresik gabe, tinkotasunez baina angustiarik gabe.

Besteekin dituzten harremanak goza ditzatela nahi dugu, inori inbidiarik izan gabe, norberak bere burua baloratuz eta baita besteena ere, norberaren zein besteen lorpenekin poztu daitezela; denekin atseginak, edukatuak eta errespetuz jokatu dezatela, baina batez ere txikienekin, euren eredu direla jakinez.

Naturaz gozatu dezaten nahi dugu. Bertako elementuak zentzumen guztiak erabiliz sentitu ditzatela: loreak eta lur bustia usaindu dezaten nahi dugu, busti daitezen, eskuak eta sudurra hoztu dezatela, belarretan pirrilka ibili daitezela…

Eta egunero, eskola-garaia bukatzen denean, hurrengo egunean itzultzeko gogoarekin joatea nahi dugu.

Abaltzisketa

Zizurkil