AURREKARIAK


Proiektu hau ezin da goizetik gauera egindako aldaketa bat bailitzan ulertu. Proiektu honen dimentsio osoaz jabetzeko beharrezkoa da Eskola Txikien mugimendu eta proiektuaren baitan egindako ibilbidearen aurreko zenbait momentu inportante ezagutzea. Horrela bakarrik gerturatu baikaitezke sortutako aldaketa guztien arrazoiak ulertzera.

Honela ba, Eskola Txikien 30 urteko historia honetan hainbat inflexio puntu izan dira oraingo momentura ekarri gaituztenak. Inflexio puntu horietako batzuk aldaketa metodologiko inportanteak ekarri dituzte Eskola Txikietara. Asko izan daitezkeen arren, 2 inflexio puntu, bederen, aipatu beharrekoak dira:

Lehenengoa, ikuspegi Konstruktibistaren inguruan jasotako formazioa Myriam Nemirovskyren eskutik. Eskola Txikietan genbiltzan hainbat kidek egin genuen formazio sakon, trinko eta zuzenari esker gure eskoletara transformazio handia etorri zen. Eskola Txikietako ezaugarri nagusiena den adin aniztasuna behar den bezala ulertzen hasteko parada izan genuen: umea bere ikas prozesuaren parte aktiboa izan behar duela ulertzea, ikas prozesuetan umeen ezagutzekin lotura egitearen garrantzia, erabiltzen ziren materialen benetakotasunaren garrantzia, idatz eta irakurketa sistemaren psikogenesian umeek bizitzen zituzten prozesuen ezagutza, honek guztiak beste arloekin zuen lotura ere sakontzea, ikuspegi globalagoetatik lan egin eta sekuentzia didaktiko aproposen diseinua egiten ikastea, gertukotik abiatzea eta mundu zabaleko ezagutzen inguruko lanketa egiteko proposamenak lantzea … Honek guztiak Eskola Txiki batzuetan bestelako metodologiak bultzatzera eta bilatzera eraman gintuen.

Bigarren inflexio puntua, berriz, “Adin aniztasuna Eskola Txikietan” deituriko formazio saioei esker etorri zen. Izenburu horren baitan antolatutako mintegiei esker ehunka maisu maistra bildu eta formatu ziren zazpi ikasturtetan zehar ikuspegi konstruktibistara hurbiltzeko. Egindako lanari esker Gipuzkoako zein Bizkaiko Eskola Txiki askotara zabaldu zen lan egiteko beste modu baten ideia, aldaketa metodologiko inportanteak etorri zirelarik, besteak beste, proiektu bidezko metodologia.

Oraingo “100 lengoaia, 11 esperientzia” proiektu honekin beste aldaketa kualitatibo inportante batzuen aurrean gaudela esan dezakegu, beste inflexio puntu baten aurrean. Egindako ibilbide luze horren baitan, Francesco Tonucciren proposamenetik abiatuta, eskolen transformaziorako aldagai inportanteak ekarri ditu beste behin proiektu honek, eztabaida pedagogikoaren fokua birkokatuz, orain artean tratatzen ez ziren gaiak aztergai bihurtuz. Eskolak sustraietatik adarretaraino bete behar dituen zereginei buruzko galderak sortuko ditu proiektu honek, umeen beharrak ondo asetzeko hausnartu beharreko gai inportante asko aztertzeko bidean jarri. Hau guztia zein oinarritan zehazten den ikusi ahal izango duzue web orri honetan.

Abaltzisketa

Zizurkil