ADINA BAI, MAILARIK EZ

Eskolan ematen den aniztasuna, errealitate bat izateaz gain, balore bat, aukera bat eta irakasleontzat erronka bat da, sormenerako bidean jartzen gaituena, guztion artean mundu hobeago bat eraikiko dugunaren ilusioa eta itxaropena daukaguna non guztiok izango garen garrantsitsuak (eta ez bat bestea baino garrantzitsuagoa) baina, aldi berean, bakunak, imitaezinak eta bakarrak.

Aniztasuna zerbait normala dela sinisten badugu, ez da beharrezkoa izango inklusioaz hitz egitea, elkarbizitzaz baizik.

Horregatik, gure 2-12 urte bitarteko ikasleen interakzioak duen aberastasuna benetakoa dela, bizitzen dutena dela eta erakusgarria dela sinisten dugu eta horretaz jabetzen gara egunero; sinisten dugu eta defendatzen dugu denak batera egotea , mailetan erreparatu gabe, ona dela gehiago eta hobeto ikasteko, alderdi guztietatik begiratuta.

Eta gure buruari galdetzen diogu ea zeintzuk, eta zertan oinarrituta, zergatik eta zertarako erabaki duten haurrak adinka elkartzea eskoletan, eta ea badagoen arrazoi pedagogikoren bat ikasgelak adin jakin batekoak izateko. Ikerketaren batek erakutsi al du gehiago ikasten dela adinka taldekaturik?  (1) (2)

Urte berean jaiotzeak “maila” berdina edukitzea bermatzen al du?

Ikasle bakoitzak bere erritmoan aurreratzeko aukera gehiago al ditu, bere izaeraren eta bere beharren baitan denak 3, 9 edo 12 urtekoak direnean?

Haurrak ikasteko estimulatuagoak al daude beste eredu aurreratuagoak ikasle zaharragoetan eduki gabe?

Interesgarriagoa al da, eskola ordu guztietan, adin berekoak aipatzen dutena entzutea eta ikustea?

Ez al da gomendagarria iritzi, arrazonamendu, estrategia… landuagoak dituzten umeen artean egotea?

Soilik zure adinekoekin jolastea dibertigarriagoa al da?

Gizakiok nor imitatzen dugu? Noren antza izan nahi izaten dugu? Nor bezalakoa izan nahi dugu? Nortzu dira gure eredu eta erreferente?

Ttiki batek ikaskide nagusi bat miresmenez begiratzen duenean ez al daemozionantea? Eta honek ere kontuan hartzea ttiki hori, keinu maitagarri etakonplize bat egitea ? Eta biek elkar laguntzea edota elkarrekin ataza konplexu eta interesgarri bat egitea ?

Irteera batean haur batzuk txikienen zain geratzen direnean motelago ibiltzen direlako, ez al du garrantzirik? Eta motxila denboralditxo baten eramatea? Eta besoetan hartzea hesiaren beste aldeko animaliak ikusteko? Txikienen karroari bultzatzea?

Ez al da emozionantea ikustea txoko batean zaharrenak txikienei ipuinak irakurtzen? Edota euren trukuak erakusten hizkiak hobeto idazteko ? Edo estrategiak erakusten azkarrago ebazteko? Arrazoiak ematen zergatik horrela bai eta horrela ez?

Ona al da ahaztea txikiak ginenean “gutxiago” genekiela eta esperientzia gutxiago genuela? Ez al dago ondo besteengan ikustea ikaskide batzuk oraindik ez dakitela guk “beste”?

Zilegi al da 10 urtetan zehar rol berdina izatera kondenatua egotea (bizkorra, txintxoa, traketsa, pailazoa, despistatua, narratsa, pelma, azkarra, makala…)?  Ez al da osasungarriagoa batzuetan zaharrena izatea eta beste batzuetan gazteena, honek dakarren egokitzapen, onartze, umiltasun eta errespetoarekin?

Eta, batez ere, ez al da etikoagoa etengabe adin berekoekin ez alderatzea eta gainera konparazio horren ondorioaz juzgatzea?

Orduan… ez dugu ulertzen zegatik eskolak adinka banatzen dituen ikasleak, ze irizpide dituen honetarako eta gustatuko litzaiguke jakitea ea kontu hau noizbait errebisatu den azken aldian hezkuntzan.

Guk ez dugu aurkitzen inongo arrazoi pedagogikorik honetarako, eta ez dugu ere inongo abantailatik ikusten banaketa modu honetan eta ez dugu onartzen horrela izan behar duenik.

 

XL. ¿Mayores y pequeños juntos?

 

 

 

 

S.H. Lo que oye. Nadie dijo que las fases del aprendizaje dependan de la edad. Nadie puede decir qué hay que saber a los 10 años y a los 13. Las escuelas se lo han inventando porque les conviene para su gestión. Pero mire una familia, un club deportivo, un grupo de teatro… Las edades se mezclan. Cuando lo hacemos, los pequeños quieren esforzarse para ser como los mayores, y los mayores cuidan de ellos. El comportamiento es mejor. Y el progreso también.

Tenemos este sistema estúpido que retrasa el aprendizaje de unos niños y obliga a otros a ir con la lengua fuera cuando sus ritmos son diferentes.

Stephen Heppelen elkarrizketa zati bat XL Semanal aldizkarian.

Eskolak eta bizitzak batera joan behar badute, batak bestearen erreferente izan behar badu, pertsona hobeak izateko hezi eta erakutsi behar badugu, pertsonalki eta gizartean garatu behar badugu, errespetuan eta elkarbizitzan, jakiteko eta ezagutzeko, BIZITZARAKO azken finean, ez genuke ez mantendu eta ez justifikatu beharko eskola bat adinka mailakatua, ez baitauka inongo sentidurik, banaketa hau bizi garen mundutik at dago eta gizakiaren muinatik kanpo, hau da, gizakia inoiz ez da elkartu edo taldekatu adinari erreparatuz (beno bai, garai bateko soldaduskan… harrigarria!, ezta?)

Gure ametsa da -eta errealitate bihurtzen ari zaigu- eskola bat non haurrak 9 edo 10 urtez bizitzen diren, ikasiz eta ikasiz, zein mailatan dauden jakin gabe, maila bakoitzerako curriculumak ezartzen dituen gutxienekoak edo gehinekoak jakin gabe, programazio eta denbora berdin batzuengatik (eta, beraz, injustuak, ikasleak kontuan hartu gabe diseinatuak) baldintzatuak sentitu gabe.

Arestian aipatu dugun moduan, mailaka elkartzeak, adinka elkartzeak ez dauka inongo abantaila pedagogikorik, guk egunero ikusten dugu hau.

Gure eskolan, uneoro, norekin egon, norekin jolastu, norekin lana egin, e.a. aukera dezaketen neurrian, ikusten ari garena da beraiek ez dutela kontuan hartzen zein mailatakoak diren, horrek ez die ezer esaten eta ez die bat ere axola. Izan ere, zaharrenek badakite 5. edo 6. mailakoak direla, eta denok jakin badakigu zeintzuk diren gazteenak, baina gero eta ikasle gehiagok ez dakite zein mailatan dauden. Honek gauza gutxi batzutarako eta egoera gutxi batzutan bakarrik baitu garrantzia, baina ez ikasteko garaian edota gozatzeko garaian.

Misterio bat da – eta guretzat helduontzat ulertezina – nolatan egon daitekeen euskaraz bakarrik dakien 4 urteko neskatxa bat gaztelaniako irakurketa bat entzuten ordu erdiz eguna joan eta eguna etorri… Edo zergatik beste neska batek, 6 urtekoak, pasatzen dituen orduak aroztegian zaharragoei begira, apalategi bat egiterakoan sortzen zaizkien arazoen detailerik galdu gabe… Edo zergatik 11 urteko mutiko bati interesatzen zaion zaintzea, hitz egitea eta egotea beste bi urteko batekin, ia hitz egiten ez dakienarekin… Edo zergatik zaharrenetako batzuek behar duten zenbaitetan “txikienen” ipuinak irakurtzea edo psikomotrizitatea egitea edo koltxonetekin txabolak egitea eta hauen barruan ezkutatzea…Edo…

Ez dago ziur jakiterik zeintzuk diren haurren motibazioak zerbait egin nahi izateko edo zerbait ikasteko, zerbait lortzen saiatzeko behin eta berriro. Ez dago modurik jakiteko erabateko ziurtasunarekin zerk pizten dien euren interesa eta zergatik; eta zergatik guri interesgarria iruditzen zaiguna beraiei ez zaien interesatzen…

Eurak diren bezala bizi dira, haurrak bezala, eta askotan ez ditugu ulertzen eta ez dugu asmatzen gure proposamenekin. Baina aukerak zabaltzen badira, aukeratzeko asko eta ona baldin badute, beraiek ikertzeko eta frogatzeko mugarik ez badiegu jartzen, ez baditugu katalogatzen eta aurreiritziak izaten… uste dugu ikasten jarraitzeko aukera gehiago dituztela, hauxe baita naturalena eta ohikoa beharko luke.

Gainera, aktibitate bat denek egin ahal izatea, edozein adinetakoak izanik, denek era desberdin batean egingo dutela suposatzen du, bakoitzak nahi duen edo ahal duen moduan, emaitza ezberdinak, anitzak lortuz, ez hobeak eta ez okerragoak. Aurretik ez dagoenez adostua zer ikasi behar duten adin batean edo bestean, ez dagoenez gutxienez edo gehienez jakin behar dutenik, ez dagoenez ezarrita zein den gauzak egiteko “modu ona/bakarra”… alderaketak edo konparaziorik ia ez dago eta honek dituen ondorioak dira hain hain latzak zein oraindik ez garen gai behar adineko neurrian jabetzeko, baina uste dugu erabakiorrak direla gure ikasleen etorkizunerako.

Iruditzen zaigu eskolan 10 urtez bizitzea sailkatua izan gabe, katalogatua izan gabe, alderatua izan gabe, epaitua izan gabe; bakoitzak benetan bere erritmoan ikasiz, presiorik gabe, emozioarekin eta adin guztietako ikaskidez inguratuta erabateko iraultza dela garai hauetan, eta izango diren helduen bizitzarako prestaketarik hoberena izango da, gaur egun imajinatu (irudikatu) ere ezin dugun bizitza bat.

 

(1) “¿Cuántos años tienes? y eso ¿qué importa?”. Elena Laiz Sasiain

(2) “Una clase de surf”. Dolores Armas

Abaltzisketa

Zizurkil